XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orrelaxe etorri giñan bide guzian, kontu kontari.

Altsatsutik bera asi giñanean etxera arrimatzen, galdetu zidan:

- Ganaduak badakartzegu, eta nun sartu bear ditugu?

- Zuk segi lasai. Nun sartua badago: nere etxean danak, beste bi ekarrita ere.

- Orduan seguru gera. A zer poza ematen didazun! Lekuak ez du gutxi balio olakoan.

- Bai; ortan suertea degu. Lenago borda batean eduki nituan, birekin bakarrik egon nintzanean.

-Gero lau jarri nituan. Orduan ikuillu berria egin nuan; eta orain, tokia badago, obe.

- Orrela igual, besteren bat tokatzen bada ere, badakigu lekua badagoala.

Orrela iritxi giñan gure baserrira, argitan.

Etxekoak ere gustora, garaiz etorri giñanean, illundu ta bildurrez egon gabe.

Sartu genituan danak beren lekuetan, jana emanda lenengo.

Meriendatu urrena, kontuak esanez.

Emakumeak deseatzen egoten ziran zerbait jakiteko.

Geren pasadizoak kontatu genizkien.

Berriz ikuillura. Bost geiago jezteko. Berrogei bat litro bildu genituan.

Emazteari esan nion:

- Biar naiko dirua badezu, orrenbeste esnerekin.

- Nun eraman bear ditut? Ea bizi-lagunak marmitarik daukan libre.

Joan zan eta ekarri zituan ogei litroko bat eta amarrekoa.

Au berak artuko ziola, paltan zebillela-ta.

Ondo moldatu giñan.

Urrengo goizean ordu erdi bat lenago jetxi bear ikuilluko lanak egiteko.

Gauekoa bukatu genduanean, eseri giñan biok, nola asi bear genduan alkarri esateko.